Higidura harmoniko sinple

Higidura harmoniko sinplea.
Higidura harmoniko sinplea ulertzeko bideoa.
Bideo hau Jakindun elkarteak egin du. Gehiago dituzu eskuragarri euren gunean. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen.

Mekanikaren arloan, higidura harmoniko sinplea (H.H.S.) deritzo puntu material jakin batek duen ezaugarri hauek dituen higidura periodiko berezi bati: lerro zuzen bateko puntu finko baten alde banatara joan-etorrian gertatzen da eta beraren ibilbidearen ekuazioa funtzio sinusoidal baten araberakoa da.

Higidura harmoniko sinplearen puntu finkoa ibilbide zuzenaren erdian (zentroan) dago eta partikula etengabe ari da desplazatzen zentroaren alde banatara, lerroaren bi noranzkoetan, anplitudea deritzon distantzia maximora iritsi arte, bertako abiadura nulua izanik, eta jarraian beste alderantz higitzen da, horretan ere anplitude maximora iritsi arte; eta horrela etengabe, baterantz eta besterantz, ibilbidea modu berean errepikatuz. Higidura hori gerta dadin partikulari etengabe eragiten dion indarra desplazamenduaren proportzionala da, eta indarraren noranzkoa zentroranzkoa da etengabe.

Joan-etorriko ibilbide bakoitzari oszilazio deritzo. Oszilazio guztiak berdinak dira, eta bi magnitude konstantek zehazten dute oszilazio bakoitzaren ezaugarri espazio-denboralak: anplitudea (hots, zentrotik aldendutako desplazamendu maximoa), eta periodoa (oszilazio bat osatzeko behar den denbora). Bestalde, periodoaren alderantzizko magnitudeari maiztasuna edo frekuentzia deritzo, eta segungo bakoitzeko zenbat oszilazio osatzen diren adierazten du. Higidura harmoniko sinplea duen sistemari osziladore harmonikoa deritzo.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search